|
Benantzio Otaegi (Azpeitia, 1943) 1993an iritsi zen Elgoibarrera, BARREN kaleratzen hasi eta hilabete gutxira. Bere iritzia jakin nahi izan dugu Gabonen inguruan eta, bide batez, bere ibilbidea izan dugu hizpide. Zuhurtziaz hitz egiten du, tentuz, lagun hurkoari errespetua galdu gabe eta kristau elkartearen balioa azpimarratuz. Urte askotan jarraitzeko asmoa du, Elizaren eta gizartearen zerbitzura.
- Gainontzeko lanbideetan 65 urterekin erretiratzen dira…
Apaizak hori oraindik ez du planteatzen, batetik gutxiago gaudelako, eta bestetik gure langintza ere ez delako beste lan astunagoak bezala. Miresmena diet goizean lanetik datozenei eta baita goizean goiz joaten direnei ere.
- Apaiza 24 ordutan zara?
Pertsona bat ere 24 ordutan da pertsona, nahiz eta ordu batzuk zuretzako hartzen dituzun.
- Elizak itxura berria du herrian. Aldatzen ari da?
Badoa. Lan talde handia dago eta guk egitarau bat daukagu, hiru helburu nagusirekin: lehenik, Elgoibarko herriari Jaungoikoaren berri ona jakitera eman, Ebanjelioarekin, Jesusekin harreman biziagoa izan; bigarrenik, igandeko eukaristia era biziagoan ospatu eta azkenik bakarkako otoitza indarberritu eta kristau esperientziari leku zabalagoa eman.
- Mezu horiek Gabonetan gogoratzea komeni da?
Alderdi positibotik noa. Eguberria bizitzeko modu asko daude. Batzuek eman nahi diote kristau izaera, baina ez da erraza. Beste batzuentzat neguko jai bat da; beste batzuek pasata egongo balitz nahiago lukete...
- Edadetuek, adibidez…
Gu aritzen gara esaten “Eguberri on” denei, halako obligazio batez, eta askorentzat “Eguberri txar” ere bada. Antton Aranburuk bidali didan agiri batean Kataluniako Mediku Elkarte batek zera adierazten du: badirela Eguberri jaiok emozionalki ospatzeko gai sentitzen ez direnak, mundu osoa pozez zoratzen dagoen bitartean. Psikologoek esaten dute jai hauek alienatzaileak direla. Batzuek ez dute familiaren gozotasunik, edo banaketaren bat izan dute…
- Zuk nola bizi dituzu?
Katekesiaren bitartez, haurrekin dut hartu-eman asko, eta haiek beti sortzen dute ilusioa eta atzo [abenduak 16, domeka] bertan ere hemengo katekistek antolatutako jaiotzen lehiaketan, 36 bat familiak hartu zuten parte. Horrek agertzen du haurrek badutela jai horrentzat halako miresmen bat.
- Zein da zuretzat Eguberrietako irudirik politena?
Gurasoek, jaiotzei begira begira daudela, txikiari adierazten diotenean zer esan nahi duen. Urte guztian zehar bizi behar den jai bat da, bere gazi-gozoekin. Ez naiz erabat zoriontsu sentitzen, baina pozten nau Eguberria etortzeak.
- Elizak ateak irekita ditu sufritzen duenarentzat?
Caritasek egiten du kanpaina bat, eta lehen eskaleak etortzen ziren. Azken aldian bereziki etorkinak etortzen dira. Gero ari gara Martuteneko espetxean daudenentzat gauzak biltzen, eta jendea ari da gauzak uzten: barruko erropak, turroia…
- Apaiz tradiziorik badago zure familian?
Gurean ez. Hori bai, Azpeitia inguruan jesuitek indar handia izan zuten. Egon dira maristak, mojak… Gotzon Garatek dioen moduan, oso herri euskalduna da, baina aldi berean kristau elkarte pila bat ditu.
- Mezetara zenbat doazen esatearen aldekoa zara?
Ez naiz eliza zenbateraino betetzen den edo ez esatearen aldekoa. Elgoibarko eliza batzuetan badaude azken 70 urteetan ia hutsik egin gabe igandero joan diren kristauak. Belaunaldi horiek bukatzen ari dira, baina badaude. Orain beste momentu batean gaude. Eliztarrok kontzientzia handiagoa hartu behar dugu. Ederrak dira Gabonetako apaingarriak eta jaiak, baina gero kristauak hezi egin behar dira.
- Aitortzeak badu lehen zeukan esanahia?
Lehen garrantzia ematen zitzaion aitortzeari, esateari, baina Jaungoikoaren errukiaren eta barkamenaren beharra dugu. Gu hain kaxkarrak izanik, Jaungoikoa prest dago gu bihotz berritzeko. Aitortzea ez da bekatu zerrenda bat ematea.
- Sermoian eguneko gaiak (abortoa, immigrazioa…) jorratu izan al dituzu?
Gai horietan ez gara gehiegi sartzen, ez dagoelako gauza horiez lasai aritzeko denborarik. Gainera jarrera kontrajarriak daude. Apaizak ez dauka arazo guztien inguruko erantzunik. Nire helburua da kristau elkartea eta herria elkartzen dituen gaiak bultzatzea.
- Ez duzu, hortaz, Cope entzuten?
Ez, higieneagatik.
- Hor denetatik hitz egiten dute…
Gure gotzainak esan du Copek kalte egiten diola kristau elkarteari.
- Bakearen inguruan, zer duzu esateko?
Kristau elkartekoak ibiltzen dira topaketetan eta kontzentrazioetan. Apaizaren egitekoa kristau elkartea batzea da.
- Apaizak ere joan izan dira manifestazioetara.
Bai, Euskal Herrian eta Madrilen.
- Izan zara manifestazio batean sekula?
Izan naiz, baina ardura hauetan gaudenetik, zaila da.
- Hiritar moduan manifestazio batera joatea zaila egingo zaizu. Arrasaten izan da AHTren aurkako manifestazioa. Zer iritzi duzu proiektu horren inguruan?
Batzuek abantailei buruz hitz egiten dute; besteek guztiz kontrakoa diote. Praileaitzeko kobaren gaia ikaragarri gustatzen zait, baina guk Belengo koba daukagu eta hori ere eztabaidatsua da batzurentzako (barreak)… Elizak izan du ekologiarako sena, hasi profetetatik eta Jesukristorenganaino… Asisko Frantziskok ekin zion bide horri, anaia eguzkia, anaia otsoa… esatera heldu zen. Euskal Herrian sumatzen dut ekologiaren aldeko aldarrikapenak badirela eta pertsonaren aldekoak, berriz, ez hainbeste. Sorkuntzaren baremoan pertsona da lehenbiziko balorea.
- Mendira joaten al zara?
Ibiltzera gehiago joaten naiz. Mendira uda partean joatea gustatzen zait. Aurtengo udan bi edo hiru igoera egin ditut Karakatera eta beste bi, Kalamuara. Gainera errepide aldean ibiltzen naiz San Pedro aldean astebukaeretan.
- Oporretara joaten al zara?
Orain egun pare bat edo pasatuko ditut Elgoibartik kanpo. Aprobetxatuko dut Belokiko monastegira edota Baionako liburutegira joateko, edo Donostian filmen bat ikusteko. Pasa den Gabonetan El gran silencio ikusi nuen.
- Harrezkeroztik ez duzu besterik ikusi?
Ez dut uste. Hemen zaila da. Zinekluba ez dakit zer ordutan irekitzen duten eta ordutegia gaitza egiten zait.
- Goiz jaikitzen zara?
Gustatzen zait goiz jaikitzea, isiltasun gehiago egoten da otoitz egiteko eta pertsona ere hobeto esnatzen da.
- Futbolzalea zara?
Bai, baina erdi mailako taldeen zalea naiz. San Mamesen eta Anoetan ez naiz sekula egon.
- BARRENek 15 urte beteko ditu aurten. Zer balorazio egiten duzu?
BARREN erreferentzia polita da Elgoibarko bizitzarena eta euskararena ere bai. Hemen ibili diren idazleak aurrera atera dira: Uxue Alberdi, Osoro, Lodoso…
- Kristau mezuak falta dira BARRENen?
Ez, BARRENek herriko berriak ondo ematea du helburu eta gero zabala izatea sentsibilitate guztiekin. Hori eskatuko nioke. Ez da katekesia emateko izan behar. Informazioa du bere alorra.
- Hamabost urtetan Elgoibarren makina gauza pasatu dira. Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Elizan obrak egin ziren urtean, Gabonetan, eliza teilaturik gabe egon zen eta sekulako euri-jasak egin zituen. Hor ibili ziren langileak azkarrak ziren eta teilatu gainak porlanez estali eta depositu moduko batzuk egin zituzten eta ez zen barrura sartzen urik. Portikoan egiten genituen mezak.
- Merkadilloaren prozesua nola gogoratzen duzu?
Pasatutako kontu bat da. Udaletxera joan beharko zenuke galdetzera. Niri dagokidanez, zuzen jokatu nuen.
Testua eta argazkiak: Andoni Iturbe.
|
Elkarrizketa interesgarria. Dermovagisil 2007-12-20 17:29:13 Elkarrizketa interesgarria iruditu jat. Ez nekien Don Benantzio 1.993 etorri zenik herrira, izan ere nik betidandik ezgutu izan dot. Ez dakit Don Benantziok Barreneko foroan parte hartzen duen edo ez, egian esan ez dakit idatzi hau irakurriko duenik ere. Dana dala, bere erantzuna izango dudan esperantzarekin pare bat gauz komentatu nahiko nizkioke. Ez nago ados zure planteamendu batzuekin. Zuk esan dezun moduan... Ez naiz eliza zenbateraino betetzen den edo ez esatearen aldekoa. Elgoibarko eliza batzuetan badaude azken 70 urteetan ia hutsik egin gabe igandero joan diren kristauak. Belaunaldi horiek bukatzen ari dira, baina badaude. Orain beste momentu batean gaude. Eliztarrok kontzientzia handiagoa hartu behar dugu. Ederrak dira Gabonetako apaingarriak eta jaiak, baina gero kristauak hezi egin behar dira. Azken esandiarekin nere ezkonformetasuna azaldu nahi dizut "baina gero kristauak hezi egin behar dira". Ni 6 urterekin kristautasuna ikastera behartua izan nintzan, eta bi urte geroago komunioa egitera. 2-3 urtetan zehar manipulatua izan nintzala kontsideratzen dot. Nere ustez, adin horretako umeek ez dute era hortan erlijio konkretu batetara orientatuak izan behar ezta beste erlijioetara ere. Nere ustez, umeak adin handikoak handikoak izan arte ez lukete era hortan manipulatuak izan behar. Usten dot, alde hortatik gizartea zapuzten hari zaretela (guraso askoren konplizitatearekin). Gainera, kontutan euki behar da, gazte asko eta askok eskola erlijiosoetan ikastera behartuak izaten direla. Badakit euren gurasoek sartzen dituztela leku hauetan, eta hau gauz egun gertatzea onartezina dala deritzot. Umeen kristau irakaskuntzen abolizioa gauza ona litzatekeela usten dot. Bere egunean adukazio matxista kendu zen bezela. Agian gaizki ulertu ditut zure hitzak Bon Benatzio Jauna. Dena den gai honi buruz zure iritsia jakitea gustatuko jatan. | Benantzioren erantzuna elgoibarren.net 2008-01-14 09:37:44 Benantzio Otaegik erabiltzaile batek eginiko galderen erantzunak bidali dizkigu argitaratzeko. Kaixo lagun: Eskerrak ematen dizkizut nik emandako erantzunetan fijatu zarelako. Baita nire erantzun baten zati bat argitzeko eskatu didazulako ere. Ezkonforme zaude elkarrizketan esaten dudan esaldi batekin, batez ere. Esaldi honekin, hain zuzen: “Baina gero kristauak hezi egin behar dira”. Erantzun honetan agertu nahi nuena, Gabon giroan egonda,hauxe zen: Gabon jaiak ugariak eta ederrak izanik, kristauok, Gabonetako benetako izpirituan hezitzen dugula erronka nagusia, gaur egun. Esaten didazu, “ni 6 urterekin kristautasuna ikastera behartua izan nintzan, eta bi urte geroago komunioa egitera. 2-3 urtetan zehar manipulatua izan nintzala konsideratzen dot”. Begira: haur bat jaiotzen denean, gurasoak etortzen dira parrokiara bataioa eskatzera. Haurrak sei urte betetzen dituen ikasturtean gurasoei gonbidapena egiten diegu haurra katekesian hasteko. Dexentek beren haurrak ekartzen dituzte katekesira, beste batzuek ez. Gurasoek arlo honetan, beren ustez, haurrarentzat ona izango den zerbait bilatzen dute. Modu berean jokatzen dute haurrentzat ikastetxea aukeratzerakoan, haurra zainduko dien pertsona aukeratzerakoan etabar. Guzti hori haurarren onari begira egin ohi dute gurasoek. Zure ustez, ordea, “umeak adin handikoak izan arte ez lukete era hortan manipulatuak izan behar”. Baina, zuk erabiltzen duzun arrazoi bera erabiliz gero, gurasoek ere ez lukete haurra ikastetxe jakin batera joatera behartu behar, ez eta musika edo inglesa ikastera ere, adin handiko izan artean. Baina, pertsonen heziketan ezinbestekoa da, beste pertsona batzuen laguntza eta babesa, eta lehen-lehenik, nola ez, gurasoena. Badakit umeen kristau heziketan gabezia dexente dauzkagula oraindik. Baina alor horretan egiten ari garena, gurasoekin eta familiekin gero eta gehiago kontatuz egin nahi dugu. Azkenik,nik badakit zenbait girotan beste molde batzutan hezi nahi direla haurrak. Bataioaren ordez, “harrera zibila” egiten zaie, “lehen jaunartze zibila” antolatzen zaie etabar. Pluraltasun hau elkarrenganako errespetoan eta elkarrizketa giroan bizitzeko gai izaten bagara, aurrerapauso ona eta baikorra eman izango genuke gure herrian eta gure gizartean. Harzazu nire agur adiskidetsua. |
Komentarioak egiteko izena eman behar duzu. Sartu hemen |