| Gerra zibilean fusilatutako miliziano baten hezurrak aurkitu ditu 'elgoibar1936' taldeak |
|
|
|
| elgoiBARREN.net | ||||
| 2007-12-19 09:05 | ||||
![]() Felix Etxeberria eta Juan Mari Aranbarri milizianoaren arrastoak agertu diren inguruaren aurrean, Madariaga auzoan.
• Bideoa:
Bideo honetan: Madarixa Berri baserriko Juan Mari Aranbarrik (77 urte) 1936ko irailaren 21ean, duela 71 urte, “ziurrenik gudalozte faxistek fusilatutako” gudaria Madariagan nola lurperatu zuten azaltzen du, bera han baitzegoen.
Magariaga auzoan (Azkoitiako lurretan) atxilotu, exekutatu eta lurperatu zuten miliziano baten berri 2004. urtean izan zuen estreinakoz Aranzadi Zientzia Elkarteak.
Jaso zituzten testigantzen arabera, 1936ko irailaren 21ean jazo ziren gertaerok (soldadu-talde faxistak Elgoibarrera Azkaratetik sartu ziren egunean) eta Madariaga auzoko karobi batean -frontoitik 50 metro eskasera- lur eman zioten bertako baserritarrek hildako gudariari. Tokia zehatz mehatz aztertu eta gero, bertan ehortzitako milizianoaren gorputz aztarnak berreskuratzeko lanak konplexuak izango zirela ohartu ziren, zabortegi moduan erabili baitzuten ingurua urteetan. Felix Etxeberriak abian jarritako ekimena 90. hamarkada amaieran hasi ziren Felix Etxeberria “Parapan” eta beste elgoibartar batzuk gerra zibilaz eta bertan bizia galdu zuten herritarren gaineko informazioa biltzen. Datuok Aranzadikoen eskuetan ere laga zituzten 2000. urtean, baina arrazoi bategatik edo besteagatik bere horretan geratu zen kontua. Harik eta Elgoibar1936 taldea agertu zen arte. Gure herriko memoria historikoa berreskuratzea helburutzat duen taldeak hartu zuen Madariagan lurperatutako gudariaren aztarnak lurpetik ateratzeko ardura, eta baita lortu ere. Azken ahaleginean agertu ziren arrastoak
Joan zen domekan (abenduak 16) metal detektagailu eta eskabadoraren laguntzarekin lortu zuten duela 71 urte bertan lurperatutako gizonaren arrastoak aurkitzea.
Laguntza hoberena, baina, Juan Mari Aranbarriren oroimena izan zen, 6 urte zituenean bere aita eta haren lagun batek, Rafael Azpiazuk, gorpua nola eta non lurperatzen zuten ikusi baitzuen. Felix Etxeberriak azaldutakoaren arabera, “gudalozte faxistak sartu ziren egunean bailarako baserritar asko beste batzuen baserrietan ezkutatu ziren eta egun batzuk pasa arte ez ziren itzuli”. Baserritar asko baserri inguruetan topatu zituzten gorpuei lur eman beharrean aurkitu ziren, “Aranbarriren aita, esate baterako”. Goizeko 08:00etan hasi zituzten hezurrak bilatzeko lanak, baina 13:00ak arte ez zuten ezer topatzerik lortu: “bi txakurren eskeletoa eta zabor mordoa besterik ez”, urte askoan zabortegi moduan erabili baitute behinola karobia izan zen ingurua. Etsitzen hasiak zirenean eskabadoraren palak gudariaren kaskezurra erditik ebaki zuen. Alabaina, “arrastoak oso egoera onean” daudela uste dute elgoibar1936koek. Zapatuan (abenduak 22) aterako dituzte hezurrak
Aste-barruan, Aranzadiko arkeologoen laguntzarekin, hezurren gainean dagoen lurra berdintzen jardun du eskabadorak.
Ez dakite milizianoa nor den Hezurrak aztertuz, gudariaren nortasuna identifikatzeko lana Aranzadik hartuko du bere gain, ez baitakite nor izan daitekeen. Hilobi gehiago Madariagakoa ez da Elgoibar eta inguruetan ehortzita dagoen gerra zibileko gorpu bakarra. Elgoibar1936 taldekoek beste zazpi kokagune ere ezagutzen dituzte eta bila jarraitzeko asmoa daukate.
∞ Lotura duten albisteak:
|
||||
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|




































