| Astoa gizonen aurka, San Antolin festetako aurtengo desafioa |
|
|
|
| elgoibarren.net | |
| 2007-07-10 11:37 | |
|
Alde batean, Victorio Zelaia eibartarraren 400 kiloko astarra, eta
bestetik, San Antolin auzoko 6 edo 7 gizon. Egin beharreko lana: 20
minutuan 550 kiloko harriari tira egin. Plaza gehien egiten dituenak
irabaziko du apustua. San Antolineko festetan (irailaren 1ean) jakingo
dugu nor den gehiago; astoa ala gizonen indarra?
Astoa vs gizonak
Mausitxa baserriko Iñaki Ansola, auzoko alkateak, azaldu digunez jadanik hasi dira entrenatzen, “astean behin oraingoz, lanak baitauzkagu denok elkartu eta ganoraz entrenatu ahal izateko”. Iaz behorraren aurka egin zuten gizonek parte hartuko dute aurten ere desafioan, baina 9 lagun beharrean 6 edo 7 izango ei dira. Irabazteko “esperantza gutxi” daukatela dio, “demaseko astoa da, 400 kilotik gorako astarra, airean mugitzen du honek harria, mendean hartzen du. Guk ere mugitzen dugu harria, bai, baina gehiago kostatzen zaigu”. Aurten, gainera, ez dute abantailarik izango, bai gizonek eta bai astoak 20 minutu izango dituzte eta plaza gehien lortzen dituenak irabaziko du dema.
Aurtengoa, 3. desafio bitxia Duela 4 urte berreskuratu zuten auzotarrek San Antolin festak ospatzeko ohitura, 30 urteko hutsunearen ostean. Jendea erakartzeko ekintza originalak antolatu behar zituztela pentsatu zuten jai batzordeko kideek eta desafio edo apustu bitxiak egiten hasi ziren. 2005ean auzotarren arteko taldekako herri kirol txapelketa egin zuten eta 2006an 9 auzotarrek Eibarko Urkiagaren behorra gainditu zuten. 840 kiloko harritzarrari tira eginez behorraren lan erdiak eginez irabazi zuten gizonek. Zaldiak 88 plaza egin zituen eta 9 gizonek, berriz, 52 plaza egin zituzten. Lokal berria auzotarrentzat Auzotarren aspaldiko eskaera zen, bildu ahal izateko lokal edo egoitza baten beharra. Dirudienez, nahia aurki izango da errealitate. Udalak 234.000 euroko aurrekontua bideratuko du lokala erosi eta egokitzeko. Auzotarren iritziz, autopistako zubiaren azpialdean dagoen eraikineko lokalak dira kokalekurik aproposena.
• EGITARAUA:
SAN ANTOLIN JAIAK 2007
Abuztuak 31, barixakua 19:00 Txupinazua Ondoren Txapel Jaurtiketa txapelketa 20:00 Triki Bertso Saioa Bertsolariak:
21:15 Bertso afaria, aurrez aipatutako bertsolariekin. Afariko txartelak Usatorre Tabernan egongo dira salgai.
Ondoren, Erromeria Izer eta Alabier taldearekin goizaldera arte. Irailak 1, zapatua 17:30 Umeentzako jolasak 18:30 Herri Kirolak: Lagunartea taldearen erakustaldia 19:30 Sekulako apustua: auzotarrak Victorio Zelaiaren astoaren aurka Ondoren, Ardi gisatu dastaketa Ondoren, Erromeria Laket taldearekin goizaldera arte Irailak 2, domeka 11:00 Meza, auzoko hildakoen alde Ondoren Salda eta txorizoa banatuko da bertaratzen diren guztientzat. |
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|






























