| Jesus Egiguren: “Azken su-etenaren aurrekari asko Txillarre eta Aittolazar inguruan daude” |
|
|
|
| elgoibarren.net | |
| 2007-07-06 07:49 | |
|
Danbolin, Zestoako herri aldizkariari eskainitako elkarrizketan
(estreinakoa ETAk azken su-etena iragarri zuenetik) egin ditu
adierazpenok eta gehiago Jesus Egigurenek, PSE-EEko lehendakariak.
Besteak beste, bake prozesuaren hausturaren aurrean “frakasatua”
sentitzen dela aitortzen du Aizarnako politikariak.
Danbolin, Zestoako herri aldizkariak Jesus Egigureni egindako elkarrizketa luzetik Euskal Herriko Gatazkaz esandakoak ekarri ditugu hona:
(Danbolin) Komunikabideek diotena da zu erdi-erdian egon zarela gauzak konpontzeko
ahaleginean. Dena zeharo okertu den honetan, nola sentitzen zara? (Jesus Egiguren) Pertsona bezala frakasatua sentitzen naiz. Nik uste dut nire belaunaldiko edozein politikok ikusteko falta duen bakarra dela bakea Euskadin. Ikusi du dena, frankismoa erortzen, autonomia erdiestea, gero Alderdi Sozialista irabazten, gero PP lekukoa hartzen... Bakar-bakarrik bizitzan falta zaiguna da bakea ikustea. Nik itsu-itsu sinesten nuen oraingo honetan benetan zihoala. Gauza okertu egin da eta zentzu horretan izugarrizko frustrazioa sentitzen dut. Eta ezin dut ia sinestu honek hain gaizki bukatu behar zuenik, baina... *Erabat etsita zaude edo oraindik lanean jarraitu behar duzu? Ez, etsita behin ere ez, baina... uste dut egundoko aukera zegoela gauzak ondo bukatzeko bai ezker abertzalearentzat bai abertzale ez garenontzat... enfin, konpromiso plural bat lortzeko posibilitatea zegoela eta konpromiso horren barruan ETAren inguruan egon den jendea gizarteratzeko aukera ere bazegoela. Aukera hau galtzen baldin bada beharbada etorriko da besteren bat, baina baten batek pentsatzen badu nahiz eta oportunitate hau galdu bi urte barru ahal izango dela, nik uste dut oso deskuidatuta dagoela. Espainiako politikaren eboluzioa, Europakoa, terrorismo islamiarra... horiek denek hemendik aurrera oso zail egingo dute hemengo arazoa elkarrizketaren bidez konpontzea oportunitate hau galtzen bada. * Zuk egin zenituen adierazpen batzuk gatazkaz lehenaldian hitz eginez, iraganeko gauza balitz bezala. Bai, nik uste nuen oraingoa benetakoa zela. Eta neure arrazoiak neuzkan, jakina, hori pentsatzeko. *Orain, ordea, ez zara lehenaldian hitz egiten ari, ez zara oportunitateaz iraganeko zerbait balitz bezala ari. Su etena apurtu da, elkarrizketa ere bai. Baina oraindik ikusi egin behar da zer gertatzen den. Nik iritzi oso pesimista dut, dena dela. *Zure helburu nagusia gauzak hitz eginez konpontzea al litzateke? Bai. * Zerbait erantsi nahi al duzu? Urtebete nago elkarrizketarik eman gabe. Azkenekoa tregua eman zen egunean izan zen, El Diario Vascon. Eta harrezkero ez dut hitz egin mundu guztiak gauza beraren gainean galdetzen didan arren. Eta nola ez daukadan kontatzerik zer pasa den eta zer ez den pasa... *Beste batzuk kontatu dituzte. Bai, baina... esate baterako gaur (2007-06-17) bertan ikusi dut El Mundon orain hamabost egun ez dakit zein diplomatiko ETArekin egon zela eta... dena gezurra da. Sueten honen aurrekariak, asko, Aittolazarren daude. Zestoako partean dago hori, ezta? *Azkoitia dela uste dugu... Zestoa zela uste nuen nik, baina mugan behintzat... irakurriko zenuten nola ‘hau’ Otegi eta nire artean hasi zen Elgoibarko baserri batean eta abar... Ba baserri hori Aittolazar inguruan dago. Nekazaritza ekologikoa egiten duen baserri bat da, Txillarre du izena. Eta hortik joaten ginen askotan babak bazkaltzera Aittolazarrera, bertan dagoelako. * Biok mano-mano? Denok hor ibiltzen ginen, han nola ez zen inor izaten gure bila (kar, kar, kar). Horregatik joaten naiz orain sarri Aittolara, ohitura bihurtu zelako. Barojaren ipuin ezagunenetako batean joaten da mediku bezala hara eta... |
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|




























