Elgoibarko Udalari eta alderdi politiko guztiei egin die Lagunak Pilota
Eskolak arauzko baldintzak beteko dituen frontoi berri bat eraikitzeko
eskaera. Frontoi berria egiteko ikusten dituzten arrazoiak azaldu
dizkigute. Udalaren aldetik jaso dute erantzuna: “ Arauzko frontoi berri
bat eraikitzea eta mantentzea garestiegia izango litzateke
Udalarentzat”.
Zergatik frontoi berri bat?
Honako hauek dira Lagunak Pilota Eskolako kideek arauzko frontoi bat eraikitzeko ikusten dituzten arrazoi nagusiak:
-
Elgoibarren dauden frontoiek ez dituzte arauzko frontoi batek beharko lituzkeen baldintzak betetzen. Gauzak horrela, ezin ditugu nahiko genituzkeen adina Txapelketa ofizial antolatu. Honen ildotik, San Anton Torneoa edo San Bartolome jaietako profesionalen arteko partida interesgarriak zuzenean botatzeko telebistekin harremanetan jartzen garen bakoitzean ere erantzun bera jasotzen dugu; Ikastolako frontoiak ez dituela gutxienezko baldintzak betetzen.
-
Elgoibar industria indartsua duen herria izanik, zertan gaude gu arauzko pilotaleku baten jabe egin gabe, inguruotako edozein herrik bere frontoia eta kiroldegia behar diren baldintzetan dituenean? Elgoibar baino dezente biztanleria gutxiagoko herrietan ere ari dira arauzko frontoiak egiten. Elgoibarrek askoz gehiago merezi duelakoan gaude, gure pilotariek, beste kirol batzuetan dihardutenen moduan, pilota-jokoa lantzeko leku aproposa eta egokia eduki dezaten. Horrela egiten ez bada, alferrik izango da gazteei kirol maila handitzeko eskatzea.
-
Pilotari batzuk beste herri batzuetara joatera behartuta daude, behar bezala entrenatu ahal izateko. Gure Pilotariak Mendaro eta inguruko herrietara joaten dira arauzko baldintzak dituzten frontoietan entrenatu ahal izateko.
-
Esku pilotak izango luke lehentasuna frontoi berrian baina beste hainbat aktibitate egiteko instalazioak sortuko lirateke: Profesional eta afizionatu mailako txapelketak antolatu, bertsolarien saioak, dantza saioak, kontzertuak, modelo desfileak, trikitilariak, e.a.
-
Pilotari handien jaioterria izan da Elgoibar: Artazo, Irureta, Zabala, Kortabitarte, Etxabe X, arriolatarrak eta abar luze bat. Gehiago etorriko badira ezinbestekoak dira instalazio egokiak.
-
Begi bistakoa da pilotak Euskadin eta inguruetan daukan garrantzia eta pizten duen interesa. Telebistei eta prentsari begiratu bat ematea besterik ez dago. Euskal erakunde publikoek ere pilotaren inguruko liburuak editatzen dihardute, horren gurea den kirola mundu guztira zabaltzeko helburuarekin.
Udalaren erantzuna
Lagunak Pilota Eskolak frontoia eraikitzeko aproposak izan daitezkeen 8 kokagune ezberdin proposatu dizkio Udalari, baina jaso duten erantzunak nahiko “hotz” laga ditu pilotazaleak. “Jabetzen gara esku-pilota garrantzi handiko kirola dela, baina frontoi berri bat eraikitzea eta mantentzea oso garestia izango litzatekeela eta gaur egun, ezinezkoa dela Elgoibarko udal ekonomiarentzat erantzun zitzaigun Udaletik”.
Lagunak Pilota Eskola
•
Pilotariak: 56
•
Arduradunak: 7
•
Presidentea: Pedro Aguirregomezcorta
*Lagunak Pilota Eskolako arduradunek musu-truk egiten dute lan, herriko gaztetxoen artean tradizio handiko kirola irakatsi eta zabaltzeko helburu bakarrarekin. Pilotarien gurasoen laguntza jasotzen dute zeregin honetan.
|
egia borobila Jon 2007-06-08 15:06:32 Frontoi baten beharra dago.Elgoibar bezelako herri batek, frontoi ganorazko bat ez eukitzia lotsagarrixa iruditzen zait. | Frontoiak Elgoibarren Asier 2007-06-08 15:09:59 Arazoa hori baino handiagoa da. Neguan ez dago pelotan egiteko moduko frontoirik Elgoibarren. Ikastola dago bai, baina Ikastola urte guztirako hartzen da ondo ordaiduta. Edo urte osoa hartzen duzu edo jai duzu. Lasturrera, Azitainera, Osintxura, Soraluzeko auzoetara joan beharra izaten da. Izan ere, San Migelen ez dago argia pizteko aukerarik, Sigman ere ez. Idotorbeko frontoiak ez ditu negurako baldintzak betetzen. Penosoa da Elgoibarren, Udalak 12 frontoi kontatu, eta bat bera ere erabilgarri ez izatea. Nik Zestoako kasua ezagutzen dut. Herrian polideportiboan dute bat, eta beste bana auzo bakoitzean; Aizarna, Iraeta, Arroa Goia, Arroa behea, Lasao, denak aterpearekin eta argia doainik pizteko aukerarekin. Hau da, gaua bada, argia norberak piztu, jokatu, eta joan aurretik itzaltzeko aukera. Ez dut uste Zestoak baliabide ekonomiko handiagoak dituenik. | Frontoi berrixa ?¿? 2007-06-08 17:09:16 Neri oso ideia ona iruditzen jata pelotaleku berri bat eitxia, ze Ikastolako frontoia gainera ez dau oso egoera onian. Lagunak pelota eskolako mutilentzako aukera oso ona da frontoi berri bat itxia ze ola beraien pelotarako gaitasunak zabalduko ditxuzte!!! | Animo! Ni neu 2007-06-11 10:31:48 Ez dozue erreza izango, Lagunak-eko lagunak, baina nere animo guztixak dituzue. Elgoibarren futbola da nagusi, eta frontoietako kirolen artian ematen dau frontenisa dixela nagusituz. Ez neuke halakorik nahi, eta Udalari eskatzen diot kaso egitteko holako ekimeneri, herrixaren eta herritarren onerako izango da eta. | Frontoi Berrixa Elgoibarren Joxean Tolosa 2007-06-11 22:51:24 Horrela Euzkitze ta biok etorriko gaituk bertara partiduak telebistaz ematera. Elgoibarrera gustura joango ginateke. Bai noski frontoi baten beharra zagok. | eongogatxik! joxean 2007-06-11 23:00:18 oixe ba! | Pilota Joxean Tolosa 2007-06-13 18:46:15 Herri hontan pelota zaletasun gutxi zegokela pentsatzen dit.Ganora pixkat gehio jarri beharko diau frontoi ganorazko bat lortu nahi badiagu.Elgoibarren pilotaz gozatzeko gogoa zeukaguk bai neuk eta baita xabierrek e bai. | garestia? pelotazale 2007-06-21 20:31:16 udalaren erantzuna garesti ertengo jakola eta ezetz izan da, esan dezala ez dabala nahi euskaldunon kulturaren parte den eta gure gurea den kirol bati ez diola sosik eman nahi, eta ez duela nahi lokal haundi bat, ze, zenbat jende gerau zan bertsolariak ikusi gabe herriko antzokian? eta kutsidazu bidea ixabel antzerkia? |
Komentarioak egiteko izena eman behar duzu. Sartu hemen |