| Espaloi eta sarrerako arrapala berriak finantzatuko ditu Diputazioak San Pedro kalean |
|
|
|
| elgoibarren.net | |
| 2007-04-19 10:21 | |
|
236.570 euro bideratuko ditu Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta
Sustapenerako Departamenduak San Pedroko etxebizitzetarako espaloi
berri bat eta sarrerako arrapala bat eraikitzeko. Espaloia: 78 metro
luze, 2 metro zabal eta hesirik gabea izango da. Arrapalak, berriz, 7
atseden gune izango ditu pisuetara erraz iristeko. Hiri eremu kaltetuak
berreskuratzeko, biziberritzeko eta irisgarritasun irizpide berrietara
moldatzeko sustatze lanen barruan kokatzen dira lanok.
Espaloi eta arrapala berrien ezaugarriak Espaloi berria, 78 metro luze, 2 metro zabal eta inolako hesirik gabekoa izango da. Etxebizitzetarako sarrerako arrapala, berriz, espaloiarekiko paraleloa izango da –bera ere 78 metro luze eta 2 metro zabal- eta 7 atseden gune izango ditu pisuetara erraz iristeko. Atseden guneen arteko pendiza %8 izango da; hormari itsatsita, eskudel edo helduleku bikoitza edukiko du, eta, arrapalaren kanpoko aldean, baranda bikoitza. Diputazioa eta Udalaren arteko lankidetza Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena ere onartu du lan horiek arautzeko. Aurki sinatuko dute hitzarmen hori Koldo Azkoitia Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako diputatuak eta Maria Victoria Agirregomezkorta Elgoibarko alkateak. Erabakiaren helburua bertako Udalarekin batera lan egitea da, hartara San Pedroko etxebizitzetarako irisgarritasuna hobetzeko. Proiektua Injerlan enpresak idatzi du eta 3 hilabeteko epea izango du lanak amaitzeko zuriketa akta sinatzen denetik hasita.
Lanek aukera emango dute saneamendu, edateko ur, elektrizitate eta gas sareak ere berritzeko. Behin lanak amaituta, Elgoibarko Udalak hartuko ditu, eta titular gisa, harena izango da horiek egoki gordetzeko ardura.
|
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|





























