| Elgoibarren bizi den kolonbiar bat hezur-muineko transplantearen zain |
|
|
|
| elgoibarren.net | ||
| 2007-02-12 11:18 | ||
|
Sergio Acevedo, Elgoibarren bizi den 34 urteko leuzemia gaixo
kolonbiarra da. Daukan eritasun larria sendatzeko, bateragarria den
hezur-muin bat topatzea hil ala biziko kontua da. Egoeraren larritasuna
ikusirik, bere aita biologikoarekin, Jorge Oñate abeslari kolonbiar
ezagunarekin, harremanetan jarri zen, behar duen transplantea egiteko azken aukera izan daiteke-eta. Ustezko semearen berri ez izan arren, bateragarritasun proba egiteko prest
agertu da Oñate.
Sekula aitarekin berba egin gabe
Hasieratik hezur-muin bateragarritasun proba egiteko prest agertu arren, Oñateri kosta egin zaio esandakoa betetzea. Sergiok bi bider berba egin du bere aita biologikoa dela dioen abeslariarekin, bietan telefono bidez eta Kolonbiako telebista saioetarako zuzenean. Hizketaldi hauetan ustezko aitaren baiezkoa jaso arren, hark ez du orain artean probarik egin. Dirudienez, baina, aste honetan bertan egingo du Sergioren bizia salba dezakeen azterketa medikoa.
Urtebete pasatxo Elgoibarren
Sergio Acevedo bere emazte Katerine eta Ikerrekin, duela gutxi jaio den bien semetxoarekin bizi da Elgoibarren. Lan faltak behartuta laga zuten Kolonbia orain 5 urte eta Eibarren bizi ondoren Elgoibarrera iritsi ziren 2005. urte amaieran. Pertsona nagusiak zainduz eta pintore lanak egiten lan egin zuen Sergiok, harik eta medikuek eritasun larria zuela esan zioten arte.
Bederatzi hilabete daramatza kimioterapia tratamendu bortitzak (50 kilo galdu ditu) jasoaz, baina guztiz sendatu nahi badu hezur-muinaren transplatea beharrezkoa da, eta hala ere, baliteke nahikoa ez izatea, bere gorputzak hezur-muin berria onartu behar baitu.
Azken itxaropena: aita biologikoaren hezur-muina
Medikuek leuzemia diagnostikatu ziotenean, hezur-muin transplantea zela irtenbide bakarra adierazi zioten Sergiori. Amaren hezur-muina bateragarria ez zenez, eta anairik ez duenez, aita biologikoa zen aukera bakarra, medikuek esandakoaren arabera familiartekoak baitira bateragarritasun maila altuena dutenak. Gauzak horrela, bere aita biologikoari laguntza eskatzea erabaki zuen. Sergio Acevedok dioenez, 8 urte zituenean esan zion amak Jorge Oñate zela bere aita.
Oñate vallenatoaren errege gisa ezagutzen dute Kolonbian eta Hego Amerikan, oro har. Musikari ezaguna da oso eta bere semearen kontu honek oihartzun handia izan du Kolonbiako komunikabideetan, bai prentsan eta bai telebistetan ere.
∞ Informazio gehiago:
|
||
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|





























