| Aitzakia ederra |
|
|
|
| Mikel Olaizola | ||
| 2009-01-09 01:10 | ||
|
![]()
Sekulako jatorduak egin, Maalako parkea estaltzeko adina erregaloko paper gastatu… eta gero esango dugu opari txikiena izan dela gehien ukitu gaituena. Urrunetik iritsitako postala, aspaldi egon gabeko batekin hartutako tragoa, paper zaharren artean topatutako liburu horitua … Eta egia da, zeinen gauza gutxi behar dugun irrifar bat ateratzeko! Baina, orduan, zertarako horrenbeste parafernalia? Nahikoak dira lagun on pare bat eta arratsaldea pasatzeko aitzakia. Hala joan ginen gabon aurreko asteburuan Barakaldora. Edo, nahiago baduzue Bilbao Exhibition Centerrera; askoz fashionagoa da eta. Txapelketak eragiten dituen ezinegon guztien uretan murgiltzera, zalantza eta beldur artean, ilusioa eta esperantza nahastuz, baina guztiaren gainetik denok txalo joka, milaka lagun burrunbaka. Aitzakia ederra izan zen bai, txapeldunak berak azken agurrean aitortu zuen bezala.
Txapeldun handia baitauka Bizkaiak. Oholtzara igo eta gehien transmititzen didan bertsolaria da Igor Elortza, entzun dudan bakoitzean arrastoa utzi du nigan. Esaten duenagatik, esateko eragatik. Bere hiru saio ditut ia buruz ikasiak, demasak hirurak, eta hiruetan presente egotearren zorteduna ni. Donostiako Belodromoan botatakoak lehenak, Manu Chaoren Desaparecido doinutik abiatuta. Donostian bertan Atano III frontoian arrantzalearen emaztearen ahotik botatako hiru bertsoak ere, antologikoak, beste hark esaten zuen bezala; lastima interneten aurkitu ez izana. Eta azkenak, Bizkaiko finalean bertan entzundakoak, behean idatziak:
Amama zelan (…)
Eta beste hainbat bertso on ere joan zen saioan zehar, ia denak. Gehiagoren gogoz itzuli nintzen etxera, baina pozik. Ze gauza gutxi behar dugun batzuetan…
|
||
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|





























