| Futbola laga izanaren arrazoiak azaldu ditu Itziar Gurrutxagak |
|
|
|
| elgoiBARREN.net | ||
| 2008-10-20 14:01 | ||
|
Futbola lagatzeko erabakia iazko denboraldia amaitu eta gero hartu zuen
arren, apenas izan du oihartzunik komunikabideetan, ez behintzat azken
urteotan futbolak eman duen jokalaririk onenetariko bati -zerbaitegatik
zen Athletic eta Espainiako selekzioko kapitaina-, dagokion moduan. 15
urteko futbol ibilbide arrakastatsuari amaiera eman dio Itziar
Gurrutxagak (Elgoibar, 1977) eta zergatiak argitu dizkio elgoiBARREN.net-i.
“Ez da erraza izan Athletic lagatzea” aitortzen du Gurrutxagak. “Are gutxiago, neuk dakidanean zenbat kostatzen den Athletic moduko goi mailako talde batera ailegatzea” argitzen du.
Bera ez da penatuta dagoen bakarra, ordea; Athleticeko eta Espainiako selekzioko arduradunak behin eta berriz saiatu dira joan zen udan Gurrutxagak hartutako erabakia aldatzen, alferrik baina.
Hartutako erabakia azaltzeko maila gorenean jokatzeak asko nekatzen duela dio Athleticen jokoa maisutasunez gidatu duen erdilariak, “asko nekatu eta asko lotzen du” zehazten du. Izan ere, goi mailan futbolean jokatzen diharduten nesken arazoa bertsua da elgoibartarraren iritziz: “profesionalei adina eskatzen digute, baina ez gara profesionalak, ez da profesio bat”. Entrenamendu, partidu eta bidaiak lanarekin uztartu beharra gogorra dela aitortzen du Itziarrek, eta aski dela erabaki du, “urte mordoa futbolari emanda bizi ondoren, beste etapa bat hasi nahi dut”.
♦ ELKARRIZKETA LUZEA: Itziar Gurrutxagari egin diogun elkarrizketa luzeagoa barixaku honetan (urriak 24) argitaratuko dugu BARREN astekarian eta elgoiBARREN.net orainkarian ere zintzilikatuko dugu.
• Kirol ibilbidea:
2002ko urriaren 6an Torrejonen aurkako partidan debuta egin zuenetik, 163 partidu jokatu ditu guztira Itziar Gurrutxagak, eta Athleticen eman dituen 6 denboraldietan 30 gol sartu ditu.
Athleticekin partida gehien jokatu dituzten jokalarien zerrendan, hirugarren emakumezkoa da Gurrutxaga (163). Vanessa Rodriguez (167) eta Elisabeth Ibarra (169) lagun eta herrikidea bakarrik ditu aurretik. Goleatzaile onenen zerrendan 8. postuan dago Gurrutxaga. Sailkapen horretan, bigarren postuan dago Eli Ibarra sartu dituen 64 golei esker.
∞ Lotura duten albisteak:
|
||
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|































